MANIFESTUA
Transexualitatea Despatologizatzearen aldeko Nazioarteko Sarea.
Dokumentu hau sinatzen dugun talde eta eragileak Trans Nortasuna Despatologitzearen aldeko Nazioarteko Sarearen partaide gara. Partaide garen aldetik, behin eta berriro egiten dugun moduan, geure nortasunaren psikiatrizazioa salatu nahi dugu. Genero edota nortasun sexualaren nahasketaren —TIG delakoaren— ondorio larriak ere salatu nahi ditugu. Eta, gainera, agerian jarri nahi dugu, indarrean dirauten mediku-prozeduren bidez, pertsona intersexualen aurka gauzatzen den bortizkeria.
Zer da, baina, psikiatrizazioa? Transexualitatea buru-gaixotasuntzat hartzen duen mediku-praktika, eta, transexualitatea buru-gaixotasuna denez, era horretan sendatu nahi izatea da psikiatrizazioa. Gainera, psikiatrizazioak nahastu egiten ditu nortasun eta gorpuzkera ez-arautuak —ildo kultural nagusiaren mende daudenak— nortasun eta gorpuzkera gaixotuekin. Hori gutxi balitz, psikiatrizazioak erakunde mediku-psikiatrikoen mendean uzten du norbanakoaren nortasun sexuala.
Aipatutako erakundeek, ondorioz, interes erlijioso, ekonomiko eta politikoek horretara bultzatuta, gizon-emakumearen binomioa islatzen du gorpuzkera eta izaera moldatzeko tenorean. Arbuiagarria den jarrera hori “egiazko” eta “benetako” errealitatetzat hartuko dute erakundeok. Binomio horrek badauzka, ordea, bi sineskeria: 1) bi gorpuzkera baino ez ditu onartzen (gizonezko eta emakumezkoarenak) eta bakoitzari jarrera jakin bat soilik atxikitzen dio (arra eta emearena); eta, 2) heterosexualitatea da horien arteko harreman-mota bakarra. Egun, indarrean dagoen giza eredua zuritzeko biologia eta naturaren aitzakia erabili duen paradigma hori salatuz, agerian utzi nahi dugu bere eragin soziala, etorkizunean, helburu politikorik lor ez dezan.
Mendebaldeko mediku sailkapen anatomikoan egoki txertatzen EZ diren gorpuzkerak intersexualitate adieraren izenburupean sailkatzen dira. Adiera horrek, “per se”, gaixotasuna adierazten du. Inork ez du zalantzan jarri oraindik sailkapen mediku hori. Transexualitatea ere arazo-iturri den errealitatea dela onartuta dago. Aitzitik, psikiatriak onartzen duen genero-bereizketa EZ du, gaurdaino, inork zalantzan jarri.
Geure bizipenak eta sentimenduak itotzen dituzten giza arauak legeztatzeak dauzkagun gainerako aukerak ikusezin egitera eta gaixotasun bihurtzera darama. Gainera, bide bakarra urratzera garamatzate arauok, egungo dogma politikoa ere zalantzan jartzera eramango EZ dutenak: izateko eta sentitzeko bi modu bakar-bakarrak indartzearena. Intersexak diren jaioberriei—genital funtzional anbiguodunei— izugarrizko tratamendu normalizatzaile bortitzak egitera bultzatzen du ikusezintasunak. Horrela egingo da, gainera, aldeak ezkutatu eta gorpuzkera horiek estaltzeko asmoz.
Transexualitatea eta intersexualitatea aztertzeko egungo paradigma horrek normalkuntza binarioko prozesu mediku bihurtzen ditu aipatu trans eta intersexualitatea. “Normalizazio” horrek mundua bitan soilik bizitzeko aukerara mugatzen du aniztasuna: estatistikoki eta politikoki normaltzat hartzen diren bi formetara, alegia. Geuk, prozesu horiek salatzerakoan, psikiatriak egiten duen gizon-emakumearen definizioaren aurka ere egiten dugu; batetik, gure nortasunaz gozatu ahal izateko; bestetik, gure bizimodua benetakoa izan dadin, osatzen dugun aniztasuna bazterrean utzi gabe. EZ dugu erakunde medikuek inposatutako inolako sailkapenik, etiketarik edota definiziorik nahi. Geure burua nahi dugun eran izendatzeko eskubidea badaukagu.
Egun, transexualitatea nortasun sexuala zalantzan jartzen duen gaixotasuna da. Horrela ageri da CIE-10ean (Clasificación Internacional de Enfermedades de la Organización Mundial de la Salud) eta DSM-IV-Ran (Manual Diagnóstico y Estadístico de Enfermedades Mentales de la Asociación de Psiquiatría Norte-americana). Bi sailkapen horiek jarraiki, esaterako, arrazoitzen dituzte psikiatrek euren diagnostikoak. Sailkapen horiek nahita egindako akatsa dute: transfobiaren ondorioak eta transexualitatearenak nahastu egiten dira. Ez da aipatzen inposatutako genero binario horretatik at geratzen direnen aurkako giza bortizkeriarik. Laburbilduz, genero nortasunaren arazoa estali egiten da transfobia hitzarekin.
DSM-IV-Raren azterketa orain bi urte hasi zen. Azterketa horren helburua gaixotasun-sailkapenaren egokitzapena da. Azken hilabeteotan, berriz, argitara eman dira nortasun sexualaren trastornoaren (TIG) etorkizuna erabakiko duten psikiatren izenak.
Zucker doktorea —TIGaren gaineko taldearen zuzendaria— eta Blanchard doktorea izango dira, besteak beste, arduradunak. Psikiatra horiek ezagunak dira homosexual eta transexualak berbideratzeko terapia konpontzaileak erabiltzeagatik eta intersexualei egindako ebakuntzengatik. Medikuok proposatzen dutena hau da: 1) sailkapenetik trastorno kontzeptua ezabatzea, eta 2) genero-jarrera ez-normatiboa duten haurra, terapia berbideratzaileen bidez, tratamenduan jartzea eta terapia konpontzaileak ezartzea, jatorrizko rola onar dezan. Ipar Ameriketako Trans Mugimenduak medikuon kaleratzea eskatu du TIGaren gaineko taldetik. Transexualitatea Despatologizatzearen aldeko Nazioarteko Sareak ere gauza bera salatu eta eskatzen du.
Transexualitatearen patologizazioa, nortasun sexualaren gaixotasun gisa, kontrol eta normalizazio jazarpen larri-larria da. Munduko hainbat zentrotan gauzatzen da tratamendua. Estatu espainiarrean, kasu, beharrezkoa da azterketa-psikiatrikoa egitea. Azterketa hori Genero Nortasun Unitateetan egiten da. Behaketak asteroko kontrola izaten du, eta, askotan, talde edota familia-terapia lotsagarriez lagunduta egiten da. Espainiako Estatuan, hormonak hartu edo izena aldatu nahi duen edonork pasa behar du kontsulta psikiatrikotik.
Bukatzeko, politikoei zuzentzen gatzaizkie. Eskaera garden-gardena da:
- Ken dezatela transexualitatea buru-gaixotasunen sailkapenetik (DSM-TR-IV eta CIE-10 dokumentuetatik, esate baterako). Intersex-haurrei tratamenturik EZ.
- Izena eta sexua aldatzeko lege-eskubidea aldarrikatzen dugu, inolako azterketa mediku edota psikologikorik egin gabe. Estatuak Ez du gure izenen, gorputzen eta nortasunen gaineko eskumenik izan behar.
- Mugimendu feministarekin bat egiten dugu, abortu-eskubidea eta gure gorputzaren gaineko eskubidea aldarrikatuz. Geure gorpuzkera aldatzeko eskubide osoa dugu; era berean, eskubide horrek EZ du burokrazia, lege, politika edota ekonomia trabarik izan behar, ezta ikuspegi mediku zigortzailerik. Osasun erakundeek ere lagun dezaten nahi dugu: nortasun sexualaren trastornoa aintzat har dezatela eta onar dezatela egungo transfobia. Osasun erakundeek osasun zerbitzua berrikusi behar dute: 1) azterketa psikiatrikoa baztertu, eta 2) aukerako laguntza psikoterapeutikoa onartu. Intersex-jaioberrien ebakuntzak debekatu behar dira.
- Transek lana lortzeko duten zailtasuna salatzen dugu. Eskatzen dugu, arren, lan- bermea, eta horiek ziurtatzeko berezko politikak. Marjinazioarekin eta diskriminazioarekin amaitzeko politika ere eskatzen dugu. Sexu-lana eginez gero, osasun-egoera egokiak eta lana segurtasunez egiteko baliabideak eskatzen ditugu. Amaiera polizia-jazarpenari eta sexu-trafikoari.
- Ezintasun/ ahultasun egoera hori handitu egiten da, bortizkeriatik ihesi, herrialdera iristen diren trans-etorkinen kasuan. Horrelakoetan, bat-bateko babes politikoa eman diezaieten nahi dugu eta, aldi berean, lege berdintasuna luza dakien. Ahulenengan egungo atzerri-politikaren ondorio lazgarriak salatu nahi ditugu eta, era berean, adierazi EZ garela biktima, baizik eta borondatedun gizaki aktiboak, nortasunaren gaineko erabakiak hartzen badakitenak Gogoan hartu, transfobia dela-eta, izan diren jazarpen, eraso, hilketa eta suizidio guztiak. Sistema da horien guztien errudun. Isiltasuna Konplizitatea delako.
- Zurrunegia da gizon-emakume binomioaren ikuspegi hori. Aukera baztertzailea da, eta, beraz, zalantzan jarri behar dena. GU izateak, gu existitzeak zalantzan jartzen du binomio hori. Anitza eta aberatsa delako errealitatea.
Medikuntzak eta Estatuak gaixoak garela esaten dutenean, begi bista dago geure bizitzeko erak haien bizitza-sistema zalantzan jartzen duela. Horregatik diogu, behin eta berriro, gu ez gaudela gaixorik, genero-ikuspegi bikoitza dagoela oker.
Gogoratu Transexualitatea Despatologizatzearen aldeko Nazioarteko Sarea hasierako helburu batekin sortua dela: 2012. urtean, DSM-TRtik transexualitatea deskatalogatzea. Lehen urratsa, transfobiaren aurkako lehen pausoa.
Gorpuzkera eta nortasun aniztasunaren alde!
Transfobiak gaixotu egiten gaituelako!